Santa María-Zintzarri (Marianistas)
2015 urte honetan Santa María-Zintzarri Haur Abesbatzak 30 urte bete ditu eta asko izan dira urte hauetan zehar bertatik pasa diren ume eta zuzendariak, denak musikaz eta abesteaz gozatzeko prest. Lanaren eta ekimenaren bidez haien helburua lortu dute beti, musikaren bitartez disfrutatzea, eta hori ikusleei erakusteko gai izan den taldea da.
Abesbatza hau Gasteizko Marianistas Ikastetxean sortu zen, Ángel Aldayk Marianistaseko mutil abesbatza eta Zintzarriko nesken abesbatza bateratu zituenean. Ordutik, bai Euskadiko hiru lurraldeetan, bai beste hainbat eskualdetan talde honek kontzertu ugari eskaini ditu (Getxo, Azpeitia, Santander, Logroño, Oyón, Bilbo, Baiona, Lleida, Salou, Bartzelona...) eta egile arabatarren obra asko estreinatu ditu, hala nola Francisco Ibañezenak edo Sabin Salaberrirenak.
1991. urtean atzerrira bidaiatu zuten lehenengo aldiz, Burdeosera hain zuzen ere, eta urte berean ikastetxearen ehun urteurrena ospatu zuten Printzipal Antzokian, Martíren Magnificat obra estreinatu zutelarik. Beste abesbatza batzuekin batera Francisco Ibañezen Juegos de Otoño obra estreinatu zuten ere eta Madrileko Arte Ederren Zirkuluan abestu zuten SM editorialak antolatutako sari emate batean. Bestalde, Buesa Arenaren inaugurazioan aritu ziren ere eta Sustraiak obra estreinatu zuten, beste abesbatza batzuekin batera, Gasteizko Kontserbatorioko orkestrarekin. Bestalde, 1988. urtean lehenengo elkartrukean parte hartu zuen abesbatzak, Les Xiquets Cantors d’Algemesssi abesbatzarekin, eta geroztik askotan errepikatu den ekintza bat izango da.
Urte hauetan zehar hainbat grabaketetan (hala nola Juegos de Otoño, Juanjo Menak zuzenduta edo Jimmy Potxolo, beste abesbatza batzuekin eta Euskadiko Orkestraren laguntzarekin burututakoa) eta plazaraketetan (SM editorialaren hainbat lanetan) parte hartu du abesbatza honek ere. D.M.E-rekin kolaborazioan euskal kanten grabaketa bat burutu zuten ere, ondoren Gasteizko ikastetxe guztietara zabaldu zena.
2015 urtea oso garrantzitsua izango da Santa María Zintzarrirako, bere 125.garren urteurrenarekin bat baitator eta horren ondorioz, disko bat grabatzea erabaki dute. Umeen eta gazteen abesbatzek hartu dute parte bertan eta urtean zehar kontzertu ezberdinetan erakutsiko dizkiguten kantak bildu dituzte.
Angel Alday, Amelia González de Langarica (Santa Maria-Zintzarriko musika eskolaren sortzailea), Amaia Larrañaga, Nerea Martínez, Carmen Martínez, Daniel Mendieta, Sandra Perea eta Estibaliz Pereda izan dira talde honetatik pasa diren zuzendari batzuk eta asko da Santa Maria-Zintzarri abesbatzak zor diena. Bihotzez eskertzen die haien lana, musikaz gozatzea posible egin dutelako eta esperientzia ezin hobeak bizitzera eraman dituztelako haien abeslariak.